Arthur Fadden
Sir Arthur William Fadden (Ingham, Queensland, 1894ko apirilaren 13a - Brisbane, 1973ko apirilaren 21a) Australiako 13. lehen ministroa izan zen 1941ean. Queensland iparraldean jaio zen, eiretar etorkinen semea. 15 urterekin eskola utzi eta 1918an Townsvillera joan zen bizitzera, eta han kontularitza-bulego bat ireki zuen. 1930ean Queenslandeko Parlamentuko diputatu hautatu zuten, eta 1936an Parlamentu Federaleko diputatu. 1940ko martxoan Robert Menziesen gobernuan sartu zen, eta urrian Country Partyko lehendakariorde hautatu zuten. 1941eko martxoan alderdiko buru bihurtu zen, eta abuztuan lehen ministro Menziesek dimisioa eman ondoren. Karguan 39 egun bakarrik eman ondoren, zentsura-mozio bat galdu zuen, eta John Curtin langiletiarrak ordezkatu zuen. 1943ko hauteskundeetako porrotaren ondoren, Menziesi eman zion alderdiaren lehendakaritza. 1949tik 1958ra arte Dirubideen ministro izan zen Menziesen gobernu berrian.